XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestalde (orain arte heldu ez diogun zerbait aipatuz), Lukuk berak ere euskararen eliz erabilpenari buruz ez zuen deus esan bere Sinodo-arauetan (1553/1555), eta ohore hori ondoko mendeko Gotzainei zor zaie (Pedro Manso de Zúñiga, 1594-1612; Pedro de Lepe, 1686-1700).

Hala ere, Bernal Doktorea aitzindaria izan zela esan behar da: euskararen eliz beharra aitortuz ez ezik eliz erakunde euskaldun azkar baten premia ere aurrikusi edo barruntatuz.

Euskal Herriko eta bertotik kanpoko Gotzain-hirietan izan ditugun Apezpikuen artean euskaltzale goiztarra da Luku (1545-1556), eta, zalantzarik gabe, euskal Diasporatik Herrira itzuli eta jatorrikoen alde leialki ahalegindu zena, inolako txokokeriatan ito gabe.

Izan ere, mundura eta herriartera buru-bihotz izan zen: Eliza unibertsalera (Trento), garaiko korronte intelektualetara (humanismoa, erasmismoa), munduan suertatzen ari ziren gertakari handietara (Aurkikunde kolonialak, Amerikako ebanjelizatzea, Eliza kristuen erreformak).

Lukuk, garaiko establishment ofizialetik oso gertu jarduen zuen, barnetik lan egin ez zuenean ere (alde hau albora utzi da idazlan honetan); baina, itxura guztiz, herritar apalei, bere jatorrikoei eta errealitate sozialei adi zegoen idazle eta agintaria zen, nahiz eta Lukuren alderik ezaugarrienetakoa lege-gizon ikastunarena izan (hemen, bide batez, aipatu baizik egin ez duguna).

Jakingarri gertatzen da, bestalde, XVI. mende hartan gure zenbait gidari erlijioso elkarrengandik zein gertu aurkitu zen ikustea, bizi izandako gertakarietan eta baita garaiko arazo handiei erantzutean ere, munduan sakabanatuta baina sorterrira begira: Erromatik nahiz Trentotik Begoña edo Lukura, Mexikotik Durangora edo Arantzazura, eta geure herrira bezala herri aurkitu berrietara.

Euskal Herria gidatu duen eliz Hierarkiaren historia modernoan Gotzainik buruz jantzienetakoa izan dugu Luku, eta agian gure herriaren funtsezko kultur eskubide bati begiramenik abegikorrenetakoa izan diona.

Zoritxarrez, berehalako ondokoek ez zituzten adore, gogo eta buru-argitasun berak jarri, behar zen ahaleginean.

Kontrarreforma ez zuten gidatu Luku edo Etxaus bezalako euskaltzaleek, nahiz eta Venegas de Figueroa-ren bat ez zen falta Iruñean (1609).

Esan behar da hizkuntzarekiko begirapuntua betiere pastorala zela Luku-rengan, hau da, Elizaren beraren helburuetara zuzendua, eta ez herrien funtsezko eskubide beregainetatik behatu eta zuzenean berorien mesedetan norabideratutako politika.

Urrun zegoen Luku, artean, gaur egungo inkulturazio-teoria teologikoetatik, eta zer esanik ez, gaur egungo antropologia kulturaletik.

Jakitekoa izango litzateke, Ameriketako triskantza fisiko eta kulturala nola juzkatu zuen, eta jakitekoa ere, adibidez, beste euskaldun erbesteko batek, Aita Vitoriak, hartaz esandakoez zuen iritzia.

Dena den, badakigu begi onez ikusi zuela Luku-ren lana Las Casas-ek; kolonialismo gordinetik albora egon zen, nonbait, Luku.